XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mozketa garbi eta neurtuak.

Eta emakume dotorea begira-begira.

Eserlekutik mugitu ere egin gabe.

Ile gorri eder hura goitik behera mara-mara nola erortzen zen ikusiz.

Gozatuz bezala.

Baina penaren keinua ezpainetan.

- Kitto!

- Zer, bukatu duzu?

- Neska berri bat ikusiko duzu ispilu aurrean, laztana!

- Baina, baina....

- Itxoin! Atzetik ikus dezazun, begira!

Maximek ispilu bat hartu eta mozketa atzetik nola geratu zitzaion erakutsi zion Estherri.

- Zer, gustatzen? Zoragarria zaude, laztana!

Esther ordurako altxatu eta batera eta bestera, aurrez aurre, atzeko aldetik, soslaiz...

Bere aurpegiak zituen alde guztiak ikusi eta aztertu nahi zituen.

Eta bitartean, emakume dotore hura ere begira-begira zuen.

Ile motza, motz-motza ukitzen zuen ilegorriak.

- Nire melena!

Baina bere aurpegian nagusitzen zen irrian ezagun zuen gustatu zitzaiola aldaketa.

Batere penarik ez zuela horrenbeste denboraz luzatzen lagatako ile luze hura moztu izanaz.

Aurreko aldea ukitzen zuen, atzeko aldera pasatzen zuen eskua, patilak listuaz bustitzen zituen, eta, fokoen azpian, ile gorriaren dirdiraz itsutzen zen.

Emakume dotorea, eserita zegoena, begira-begira.

- Maxim! Zu bai artista

Eta neska ilegorriak bere ileapaintzaileari musu eman zion ezpainetan.